XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...); baina, horren ordainetan, baita euskarazko administrazio-jardunaren zabalkunde horretarako ezin egokiagoko tresna gertatu ere luzarora.

Lan-prozedura honetan txertatu beharko dira, geroz eta sarriago, terminologiazko laguntzabideak eta xede-finkapenak: langune eta harreman-sare euskaldun horiek zabaldu eta indartu ahala sortuko diren beharrei, eta kaleratuko diren emaitzei, atentziorik handienaz kasu egin beharko die euskal burolektoaz kezkaturiko terminologoak.

Hor ikusten dut nik, inon baino areago, status eta corpus planning horiek eskuz esku jarduteko aukera paregabea eta lehentasun osozko eginbidea: besteak beste hor ikusiko bait da, inon baino argiago, nor dagoen teknolekto hutsezko ostoberri eske eta nor, aitzitik, lehenik enborra sendotu beharrean.

III. 2. 3. Terminologiazko egokitzapena Ezer gutxi erantsiko diot, esandakoaz gain, atal honi.

Ez daukat, aurreko pauso horiek gorpuztuz eta bideratuz doazen artean, egokitzapen-fase hau nola eratu beharko litzatekeenaz hain eritzi garbia.

Eneko Oregik eskaini digun antolamendu-eredua posibleetariko bat da, noski, eta pentsatzekoa da oraindainoko ibiliaren eskarmentuaz egina izango duela.

Zeinahi bide hartzen dela ere, hiru baldintza eskatuko nizkioke nik horrelako langintza bati: a) Euskaltzaindiaren gidaritzaz jardutea: guztioi komeni zaigu, horrelakoetan, teilatu bakar baten babesean jardutea eta, elkarren arteko tirabirak bestela ezin konponduzkoak gertatuko balira, azken instantzia amankomun bat eskueran izatea.

Are gehiago administrazio-euskararen terminologia Autonomi Elkartera soilik zabaltzekoa ez litzatekeenez; b) formula paraleloak baztertzea: ahal delarik bi elkarte edo lantalde, alegia, langintza berean ez jartzea.

Zirt-edo-zarteko erabakia hartu aurretik puntu hau gehixeago aztertzea mereziko luke, nolanahi ere; c) administrazio-alorreko terminologia egokitu eta finkatzeko bideak jartzerakoan benetako premia konkretuei aurrez aurre heltzea, amets txuri-gorrizko etorkizunaren eskakizun posibleak egungo eta bihar-etzietako behar praktikoekin errazegi nahastu gabe.

Aurreko puntuetan, terminologiaren ikuspegi soziolinguistiko hori aipatzerakoan, esandakoak erizpide gidari izan behar luke hartarako, nere ustez.

Badugu honetan lehendik, neroni tarteko naizela, puntu hau erraxegi gainditu izanaren hutsegitea; eta ez litzateke zuhurra, inondik ere, bigarrenez harri berean behaztopa egitea.